XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina hala ere, industriaren aurreramenduak, proletarien zenbatasuna gehitu ez eze, bai eta are masa haundiagotan bildu ere egiten ditu; proletariak indartsuago bilakatzen dira eta beronen kontzientziaz jabetu ere bai.

Proletarien bizikondizioak eta interesak gero eta berdinago egiten dira, makineriak lanaren diferentzia guztia kendu eta alokairua, ia toki guztietan, are maila beheratuago batetara eskasten duen neurrian.

Burjesen arteko gero eta konkurrentzia handiagoaren, eta beronetatik ateratzen diren merkatal krisisaldien, ondoriotzat, alokairuak gero eta kilikoloagorik daude; makineriaren etengabeko hobeagotasunak langilearen egoera gero eta larriago egiten du; langilearen eta burjesearen arteko elkarjotzeek gero eta klase bien arteko jotzeen izaera nabariago bat hartzen dute.

Langileak, beren alokairuaren defentsarako, burjesen kontrako koalizioaz hasten dira.

Eta, badaezpada ere, gerta litezkeen errebelamenduen kausaz, elkargo iraunkorrak egiteraino ere heltzen dira.

Handik eta hemendik, burruka, mutin gisa, lehertu egiten da.

Noizik behin langileak garaile ateratzen dira; baina berau garaitia labur eta iragankor bat izaten da.

Behingoan lortzen den abantaila, zerbait bada ere, haien burruken egiazko ondorioa langileen gero eta bateratasun haundiagoa izaten da.

Bateratasun hau komunikabideen handitzeaz erraztua da, berauek leku ezberdinetako langileei elkarrekiko harremanetan egoteko okasioa eta parada ematen baitiete.

Eta elkarrekiko harremanak aski dira leku askotako burrukak, toki guztietan izaera bera dutenak, zuzendaritza zentralizaturik daukan burruka nazional bat, hots, klase arteko burruka bat, bihurtzeko.

Baina klase arteko burruka guztia burruka politiko bat besterik ez da, eta Erdi Haroko burjesek, beren hauzategi arteko bideekin, egiteko mende osoak behar zituzteneko batasuna, oraingo proletariek urte batzutan lortzen dituzte trenbideei esker.

Proletalgoak klase bezala, eta beraz alderdi politiko bezala, duen erakunde hau, langileek elkarren artean egiten duten konkurrentziak birrintzen du etengabeki.

Baina beti birpizten da berriz ere, gero eta sendoago, fermuago eta boteretsuagorik.

Burjesen arteko barne-eztabaidez baliatzen da haiei langile klasearen interes batzu legez onhar erazteko: adibidez, Ingalaterrako hamar orduen bill delako legea.